XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ATARIKOA Alfabetatzaile, hemen ez duzu deus berririk aurkituko.

Halaz ere, beharbada bai, beharbada ez, zerbaitetarako balio lezakeen bilduma duzu begi aurrean.

Geroak erantzungo dio horri.

Bilduma diot eta ez besterik.

Izan ere, eta jadanik ohartuko zinenez, bilduma arrunt bat baizik ez duzu eskuarteko hau.

Han eta hemen egina zegoena hartu eta nolabaiteko konposakera bat eskaini.

Horra hor nere lana, horrek lanaren izenik merezi baldin badu behintzat.

Ondorengo zerrendan dauden testuak izan dira bilduma honen iturburu.

Bakoitzatik zerbait hartuz, zerbait utziz, alfabetatze-testu honen helburutara jarri uste dut, han-hemen barreiaturik zegoena.

- Euskara Batua Zertan Den
- Lehen Urratsak
- Sustrai Bila
- Afijos Vascos
- Euskal Esakune Konposatuak
.

Beste alde batetik, irakurgaiak daude.

Eta alor horretan ez dut idazle zaharretara jo, oraingoetara baizik.

Euskaraz alfabetatzen baldin bagara, ez gara batez ere gure hizkuntza zahar eta xarmanta goxokiro labean berotu eta dastatzeko alfabetatzen.

Egun eta hemen, egungo eta hemengo euskara biziarekin ihardun behar genuke, alor batetan nahiz bestetan, beste xede ororez gain.

Horra hautapenaren arrazoina.

Testu hau, oinarrizko bidetan zehar barneratzeko egina dago.

Euskarak oinarririk baldin badu, aho hizkera arrunta eta kultur hizkera ondurik mailakatzen ari bada, kultur hizkera onduaren hastapen soilean kokatzen da testu hau.

Euskara ez da sekula plazara jalgiko, lantzen ez bada.

Lantzen den heinean plazaratuko da.

Lehenik hiztunak behar dira, egia da, baina hiztun mailan gaur egun hizkuntza batek, edozein delarik ere, ez du astebete iraungo.

Landu dezagun bada, plazan tinko ezarria ikusi nahi bada.

Euskararen egoeraz gure pentsamendua horrelako delarik, zerbait esan dezagun alfabetatzeaz zer ulertzen dugun.

Eta hemen, oinarrizko bidetan gabiltzanez, maila honetara mugatuz.

a) Euskaraz alfabetatzea, gure zentzu honetara mugatuz, ez da beste munduko xedetan, goi gailurretan, helburuak jartzea.

Adibidez, hura edo bestea, zernahi gaietan trebatzea eta gaitzea hizkuntza bezala euskara duelarik.

Ez, gure helburua askoz ere apalagoa da.

b) Gure ustez, gauza bat da hizkuntza eta beste bat gai edo jakintza bat.

Alfabetatzen ari den talde bati ez dagokio, esate baterako, ekonomiaren jakintzarik eskuratzea.

Oinarrizko alfabetatzeari behintzat aski eta gehiegi gertatzen zaio, euskara kultur hizkuntza bezala, kontzeptu orokorren barrutian tresnatzat erabiltzen hastea.

Batere espezialdu gabe, halegia.

Ekonomiaz, izan ere, zerbait seriorik esan eta idatziko bada, kontzeptuzko termilogia zehatz bat menderatu beharra dago, hots, barruti hortan murgildu beharra dago hizkuntzaren beraren problemez gainera gaiaren ezaguera bera ere problema bat delako.

c) Bestalde, kale hizkeran bertan egungo hiztunaren baliabideak arras murrizturik daude.

Euskararen baliabideak ez ditu menderatzen eguneroko solasalditan ere.

Ez dago espezialdu delakoaren arazorik gehiengoaren baitan, hiztun arruntaren eragozpenak somatzen baitira gure egoera honetan.

Bere hizkuntzaren errekurtsoak ez ezagutzeak, beraietaz ez baliatzeak, erreflexioari muga izugarriak jartzen dizkio.

Erreflexio arrunt eta eskuarki eman ohi denari.

Eta ondorioz, erderara darama hiztuna egoera honek.

Beraz, jakintza-gai berezietan mailaz maila lantzeko egintza, berez ez da alfabetatze ihardun oinarrizkoaren zeregin bat.

d) Hona beraz, gure helburu bat, helbururik aipa bageneza.

Eguneroko gai arruntetan solasaldirik ez dedila erderara bideratu, maila hortan bertan ere euskararen baliabiderik ezagutzen ez delako.

Hori da, bai aditzean, deklinabide, hiztegian e.a., hiztuna gauza izan dedila bere solasa edo idazkia bere ideien arabera euskaraz artikulatzeko.

Artikulapen hau, berriz, ez da goizetik gauera erdiesten.

e) Hamabost egun aski da, aditza, deklinabidea eta horrelako gauzak sistimakiro agertzeko talde batetan.

Baina horrela ez da gauza handirik egiten.

Ideien artikulazio bat ez da bide erraz hortatik lortzen, hizkuntza betatan.

Hortarako, hizkuntzaren gramatik kategori eta egiturak konbinatzen jakin beharra dago.

Hots: ariketaren ariketaz, ihardunaren ihardunaz, sistimakiro azaltzen dena, solasean eta idazkian konbinatu behar da eta ondorioz artikulazio zail eta konplexuak menderatzen joan.

f) Taldean ikasten dena, ariketen bidez landu behar da.

Halako hitz, edo aditz joko hura, edo beste deklinabide kasu hori, testuinguru bati loturik erabili beharra dago.

Bestela alfer lanean ari gara.

Irakasten den oro eremu semantiko bati lotu gabe egiten bada, ez da txintik ere aurreratzen.

Ariketak, hori horrela, pedagogi guztiaren funts bihurtzen dira. Joxe M. Odriozola.